Edukira joan

Estilo arkitektoniko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arkitektoaren ametsa, Thomas Cole, 1840, olio pintura.

Arkitektura estiloa edo estilo arkitektonikoa[1] eraikuntza baten joera artistikoa identifikatzen duten ezaugarrien multzoa da. Arkitekturaren historian, eraikin edo eraikuntza bat historikoki identifikagarri egiteko erabiltzen dira estilo arkitektonikoak.

Estiloen sailkapena definitzeko, hainbat elementu aintzat hartzen dira, hala nola elementu arkitektonikoen formak, eraikuntza-metodoa, erabilitako eraikuntza-materialak, baliatutako koloreak, barne-antolakuntza edo eskualdeko izaera.

Arkitektura gehiena denboran zehar aldatzen joan den estiloen kronologiaren arabera sailka daiteke, moda aldakorrak, sinesmenak eta erlijioak islatuz, edo estilo berria posible egiten duten ideia, teknologia edo material berrien agerpena islatuz.

Kontzeptuaren historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendean, artearen historia hasiberrian, ikerlarien kezka nagusi bat izan zen arkitektura lanak garaika sailkatzeko eskemak eraikitzea. Estiloen teoria zabalari buruz alemanezko idazle eta ikerlariak izan ziren, horien artean Carl Friedrich von Rumohr, Gottfried Semper eta Alois Riegl, bere 1893ko Stilfragen lanarekin, eta XX. mendean eztabaidak aurrera jarraitu zuen, besteak beste, Heinrich Wölfflin eta Paul Frankl adituekin[2].

Paul Jacobsthal eta Josef Strzygowski historialariek, besteak beste, Rieglen teoriak jarraitu zituzten, eta eskema handiak proposatu zituzten denboran eta espazioan zehar estilo-elementuen transmisioa arakatzen zituztenak. Artearen historia mota honi formalismo deritzo, artearen figurak eta formak aztertzen baititu.

Semper, Wölfflin eta Frankl, eta geroago Ackerman, «erromaniko» eta «gotiko» hitzak sortzen lagundu zuten, hasieran arkitektura estiloak deskribatzeko. Bi estiloen arteko aldaketa askoz argiagoa eta definitzeko errazagoa zen, besteak beste, arkitekturan estiloa errepikatzea errazagoa delako, arau batzuei jarraituz, pintura bezalako beste arte figuratibo batzuetan baino. Horregatik, hasiera batean arkitektura-aldiak deskribatzeko sortutako termino asko, gerora, ikusizko arteen beste arlo batzuetan aplikatu ziren askotan, eta, gero, baita musikan, literaturan eta kultura orokorrean ere.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Estilo arkitektoniko agertzen da Eskalterm-en: Hiztegi terminologikoa (2003)
  2. (Ingelesez)Elkins, James, "Style" in Grove Art Online, Oxford Art Online, Oxford University Press, (noiz kontsultatua:2013-03-06), subscriber esteka

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]